Pasa den larunbatean, hilak 24an, 26-27 ikasturteko lehenengo auzolana egin zen. Hainbat eta hainbat egin izan dira urteetan zehar, batek daki zenbat izan ote diren, auskalo! Asko dira halako edo bestelako lanak egitera ikastolara etorri izan direnak eta oraingoan ere ez da gutxiagorako izan.
Familia ugarik aukera egin zuten auzolanera batzeko eta giro ederrean pasa zuten larunbat goiza. Ikastolak bizitza handia dauka eta beti dago zerbait egiteko. Oraingoan, askotarikoak izan dira gure familiek egin dituzten lanak: zuhaitzak kimatu, frontoia zein gela anitz margotu, hobekuntza txikiak egin edota halako eta bestelako konponketak, mahai batetik hasi eta ateetaraino! Badirudi ez dagoela ezer gure familiek egiten ez dakitenik. Bejondeizuela!
Lanak amaiturikoan gainera, ondo merezitako hamaiketako ederra egin zuten guztiek elkarrekin. Auzolana ez baita lanera etortzea; elkarlanean, batasunez eta konpromezuz elkarrekin aritzea baizik. Ikastolaren partaide ezinbestekoak dira gure familiak, partaide aktiboak. Esker oneko hitzak besterik ez ditugu, modu batera edo bestera guzti hau posible egiten duzuen guztientzat. Beraz, eskerrik asko, beste behin, auzolana aurrera eraman zenuten guztioi eta oraingoan etorri ezin izan zinetenok… animatu!
Guztiok, guztiontzat.
ZUEN IKASTOLA. GURE IKASTOLA. HERRITARRON IKASTOLA!
Lautada Ikastola