Lautada Ikastolan jolasorduen inguruan berrikuntzak planteatzen hasi ginen. Azken xedea garbi genuen: ikasle guztiek disfrutatu ahal izatea. Jolasorduari garrantzi handia ematen diogu, ikastolako orduen baitan oso une garrantzitsua eta funtsezkoa dela baiteritzogu. Jolasordu garaian ikasleek harremanak lantzen dituzte, gatazkak kudeatzen eta taldean aritzen ikasten dute...
Arrazoi desberdinengatik, urte askotan erabilitako dinamika aldatzeko erabakia hartu genuen. Baina horretarako, irakasle eta ikasleen arteko elkarrekintzan, planteamendu berria diseinatzea beharrezkoa izan zen. Lehen Hezkuntzan hasitako proiektua, pixkanaka Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara eta Haur Hezkuntzara zabaltzen joan zen. Etapa bakoitzak dituen ezaugarriak kontuan hartuta proiektua moldatzen joan ginen. Patioko espazioen arauak zehaztu ziren, baita ordutegi bat planteatu ere, zeinak egun, adin eta espazioak zehazten zituen.
Planteamendu berri honek jolasorduan giro lasaiagoa egotea ahalbidetu zuen. Ikasleei egun bakoitzean jolas desberdin batean aritzeko aukera eskainiz, ikasle gehiago animatzen ziren jolastera (neskak eta mutilak) eta gatazka kopurua nabarmen gutxitu zen. Ikasleen balorazioa ez ezik, irakasleena ere positiboa izan zen.
Beste aldetik, ikastolan esku pilotan profesional izandako bi irakasle edukita, ikasturtean zehar batek DBHko ikasleekin eta besteak LHko ikasleekin esku pilotako saioak burutzen dituzte. Ikasleak motibatuta egoteaz gain, gure kulturako kirol bat ezagutzen eta praktikatzen dute.
Hasierako proiektu horrek etengabeko jarraipena izan du, beharrezkoa izan denean aldaketak eginez: batzuetan ikasleek proposatutako ideiak txertatzeko, besteetan gatazkak eta arazoak konpontzeko…
Aldaketa horietako bat, baloien erabilera mugatzearena izan da: astean egun batean baloiak ez erabiltzea erabaki zen, horien ordez material desberdinak ateraz; hala nola, makilak, zakuak, sokak, uztaiak. etab. Horrekin batera, buruturiko beste aldaketa bat baloi bigunak erabiltzea izan da. Honek ekarri dituen onurak asko izan dira: baloi gogorrekin jolastera ausartzen ez ziren batzuk, bigunekin jolastera animatu dira; kolpe eta istripuen arriskua txikiagoa da; larruzko baloiekin sortzen den bortizkeria desagertu egin da…
Gure helburu nagusia ikasleek disfrutatzea denez, jolasorduaren proiektu hauekin jarraituko dugu, beharrezkoa denean aldaketak eginez eta etengabeko ebaluazioa burutuz.
Lautada Ikastola