Gure helburua ikasleen irteera profila bermatzea da
Lautadako Ikastolako Hizkuntz Proiektuaren helburua ikasleen irteera profila bermatzea da; hau da, euskaldun eleanitzak heztea. Aguraingo ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuta, Hizkuntza Normalizaziorako urteko planak garatzen ditugu, bai Ulibarri programaren baitan, baita Ikastoleen Elkarteko HIZPRO proiektuaren bidez.
Gure helburu espezifikoak hauek dira:
- Gurasoekiko harremanetan euskararen presentzia bermatu eta gurasoak ikastolako hitzkuntza proiektuaren parte sentiarazi.
- Gela kanpoko eremuan euskararen erabileran eragin (patioen antolaketa, jantoki orduak…)
- Paisaia linguistikoa euskaldundu.
- Gela barruan euskararen erabilera eta presentzia indartu.
SEIZAN/K
Azken helburu honi ekiteko SEIZAN/K berezko programa dugu abian.
2021-2022 ikasturtetik: Euskaraz SE(G)I ZAN/K! 2022-2026 Hizkuntza Plan Estrategikoaren baitan kokatzen dugun programa da. Ikastolako errealitatearen analisia egin eta (euskararen erabilera eta ezagutzari dagokionez) emaitzak aztertu ondoren, hainbat lan ildo zehaztu, eta 2022ko urtarriletik aurrera martxan jarri genuen SEIZAN/K programaren baitan, urteko plangintza zehaztu genuen. Ikasturtero urtarrilean izango du hasiera eta sei hilabetez zehaztutako helburuekin erlazionaturiko ekintza, tailer eta dinamika ezberdinak jarriko dira martxan.
Gainera, proiektuaren baitako ekintzak ez dira soilik espazio bakarrera mugatzen, ikastolako ateetatik haratago joan eta herri-mailan, zein gurasoekin elkarlanean burututzen diren ekintza ezberdinak proposatzen baitira. Horretarako, Euskal Herriko eta herri-mailako ekimenei heltzen zaie eta erakunde ezberdinekin elkarlanean aritzeko aukera ematen digu.
Hala, ikastolako lehendabiziko etapatik euskara dugu ardatz eta hizkuntza honetan murgiltzen ditugu ikasleak euren ikasketa prozesu guztian zehar. Euskaraz gain, gaztelera (7 urtetatik aurrera) eta ingelesa (3 urtetatik aurrera) lantzen ditugu hainbat proiekturen baitan (ELEANITZ, HTI, HIZAN, KIMU…), hiru hizkuntza hauetan, ahoz zein idatziz, modu egoki eta autonomoan erabiltzeko gai izan daitezen. Gure helburua, DBH 4.maila amaitzean euskaran B2 maila eta eta ingelesean B1 lortzea delarik.