Skip to main content

Lautada Ikastola, duela 18 urte sortutako guraso hezkuntza-kooperatiba gara. Zehazki, 2008an jaio zen Lautada Ikastola eta gaur egun, 26-27 ikasturtean, 2-16 urte bitarteko 258 ikasle hartzen ditu, lerro bakarrean, 34 irakaslez osaturiko klaustroarekin, 161 familia aktibo eta beste hainbeste kooperatibista.

Ikastolaren sorrera konplexua izan zen, baina ez zen inoiz ilusioa galdu. Hasieratik curriculumean eta proiektu pedagogikoan jarri genuen gure lehentasuna. Lehendabiziko eginbeharra helburuak ezartzearena izan zen, horiek lortzeko zereginak finkatuz eta formakuntzak eginez. Funtzionatu duena mantendu dugu eta hobekuntza proposamenen bidez ekintza eta proiektu berriak txertatzen joan gara. Pixkanaka gure proiektu pedagogikoa sortzen, hobetzen eta zabaltzen joan gara. Gauzak horrela, esan dezakegu gure proiektuaz harro gaudela eta gure egitura pedagogikoa hobetzeko gogoa nabarmena da.

Bereziki euskalduna ez den ingurune batean, euskara da erabilera eta harremanetarako hizkuntza nagusia. Euskaraz bizi gara eta familien nahiz irakasleen arteko elkarlanean oinarrituz, haurrak zein nerabeak euskaldun eleanitz gisa hazi eta hezi daitezen D ereduko markoa eta baldintzak eskaintzen ditugu.

Herritik eta herriarentzat egin nahi dugu lan, Aguraingo eragile sozial izanez eta gure herriko euskalduntze-prozesuan agente aktibo izatea dugu helburu. Honetarako, gainerako eragileekin elkarleanean dihardugu eta horretarako prestutasun osoa dugu.

18 urteko historia honetan, zailtasunak gaindituz, Aguraingo familiei kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaini diegu eta horrela jarraitu nahi dugu.