Ikasleak, pertsona bezala, osotasunean hartuta eta Ikastolen komunitate osoaren inplikazioarekin abiatu da aurtengo ikasturtean Ikastolen ONKI programa. Tutoretza ereduaren inguruan eraiki dugun marko eta egitasmo berria da. Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berrian deskribatutako Pertsona Eredua hartzen du oinarri, eta hura bezala, ikaslearekiko ikuspegi holistiko batekin landu da. Gaur aurkeztu dugu programa, Arantzazuko Gandiaga Topagunean, Oñatin, hezkuntza komunitatearen eta gizarte eragileen aurrean.
Tutoretzan paradigma aldaketa ekarriko duen programa da ONKI. Izan ere, alderdi akademikotik harago doan programa da, Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorreko Pertsona Ereduan oinarritzen da, eta han ezarritako bost bereizgarriak (euskalduna, barne sendotasuna duena, erabakitzaile-ekintzailea, eraldatzailea eta kooperatiboa) garatzeko diseinatu da. Ikaslea erdigunean hartuta, osotasunean jartzen du fokua eta haien ongizatea du xede. Era berean, irakasleak bezala, gurasoak ere inplikatzen ditu.
Pertsona eredu hori garatzeko bidean, ONKI programak hiru eremutan landuko ditu ikasleen gaitasunak: eremu pertsonalean, eremu sozialean eta ikasten ikasteko eremuan. Eta eremu bakoitzarentzat lanketarako proposamenak planteatzen ditu.
Astean gutxienez bi ordu programatu dira saioak egiteko ikasleekin. Horrek esan nahi du asteroko jarraitutasun bat izango duela programak, helburuetako bat baita saio hauen iraunkortasun bat ziurtatzea, saio hauen balioetako bat konstantzia baita.
Aipatutako eremuak lantzeko gaiak eta ariketak proposatuko diren arren, garrantzitsuena ikasleen eta irakasleen arteko konfiantza gunea sortzea izango da. Langaien bidez, ikasleek bizitzan biziko dituzten egoera, erronka eta esperientzien aurrean jarduteko behar dituzten eskumenak hartzea bilatzen da. Autoezagutzan sakontzeko, oreka pertsonala eskuratzeko, oreka soziala bilatzeko, jazarpena ekiditeko, sexu hertsamena ekiditeko… ONKI programak gauza askoren inguruan hitz egiteko aukera emango du. Bizitzarako estrategiak emango ditu eta, era berean, prebentiboa izango da; bizitza orekatu baten bila abiatu, baina bizitzan aurkitzen ditugun egoerei eta oztopoei aurre egiteko bideak emanez jardungo du programak.
Ikasgaietan, ikasleek jazarpenari aurre egiteko bideak ikasten dituzte.
ONKI-ren ezarpena era askotan nabari da eskolan. Ikasleek ikasgaiak lantzen dituzte. Ikasgaietan eztabaidak, taldeko lana, eskola-jazarpenari buruzko film laburrak eta rol-jokoak sartzen dira. Ikastolako korridoreetan ONKI posterrak daude, programa etengabe presente dagoela ziurtatzeko.
BAT taldeak eta gelako irakasleak elkarrekin aurre egiten diete jazarpen-kasuei.
Ikastolak indar berezien talde bat du –BAT taldea–, lau irakaslek, Teresa, Marta, Susana eta Julene osatua. Gelako irakaslearekin batera, jazarpen kasuez arduratzen da taldea. Zure haurra jazarria izaten ari dela susmatzen baduzu, edo besteei jazartzen ari zaiela uste izateko motiboren bat baduzu, mesedez jarri harremanetan ikastolarekin, auzia ahalik eta modu eraginkor eta azkarrenean bideratu ahal izateko!
Lautada Ikastola