SUKASUANeko Esti eta Unai DBHn
Unai eta Esti etorri ziren joan den astelehenean DBH1 eta DBH2ko taldeekin egotera, gitarrarekin lehena, trikiarekin bigarrena, kantuan biak ala biak.
SUKASUAN taldeko bi musikariek haien zaletasunaren eta proiektuaren berri eman zieten adi-adi zituzten nerabeei; nondik datorkien musika zaletasuna, Agurainen Zortziko Musika Eskola bezalako leku bat izatearen garrantzia, sormen prozesua, gaur egun teknologiak ematen dituen aukerak…
Gainera, nerabeak elkartzera, ensaiatzera eta musika sortzera eta jotzera animatu zituzten, lotsak alde batera utzi eta jendaurrekoaren xarma eta sentsazioa dastatzera.
SUGARRETAN eta ZORTZIGARREN ALABA abestiak jotzeaz gain, jolas txiki bat ere eskaini ziguten, CDak eta kamisetak zozketatu eta sinatzeko aukera emanez.
Argantzungo ikastolaren ARABA EUSKARAZ-eko abestia egin dutenez, Olarizuko zelaietan taldearen zuzenekoaz gozatzeko aukera izango dugu ekainaren 19an.
Plazer bat izan zen ikasle ohiak gaur egungo ikasleen aurrean haien musika zaletasunari buruz hizketan ikusi eta entzun ahal izatea. Eskerrik asko eta nahi duzuenera arte!